Atarrabiakoen aldeko 22 – 34ko azken emaitzak engainura eraman dezakeen arren, gure neskak partiduaren bi herenetan irabazteko aukerak izan zituzten. Eta joan den larunbatean ADSJ-DKE kiroldegira joan zen jendeak horren fede eman dezake eta denboraldi osoko lehen zatirik onena ikusi genuela kontatu.
Aurrean Beti Onak A taldea izan zuten, ligako bigarren sailkatua eta orain arte jokatutako hamazazpi partiduetatik bakarra galdu duena. Baina Donibanek perfekzioa ukitu zuen lehen zati hartan: A ze abiadura erasoan!, kantxaren alde batetik bestera ibiliz, ekintza bakoitza pasiboaren mugan helduz, bere lehen lerroan hutsune hori bilatu arte edo atezain aurkaria fusilatzeko ia ezinezko pasea aurkitu arte. Eta defentsan, azken partidetan erakutsi diguten bezala, arerioari arnasarik eman gabe, tinko. Defentsa gainditzea lortzen zutenean hantxe ere zegoen gure atezaina, baloi oso zailak ateratzen.
Harmailetan txaloka, pozaren pozez, eskuek min eman arte. Atsedenaldira 15-14 iritsi zen Donobaneren alde. Aipatzekoa da lehen itzuliko partidan atsedenaldian Beti Onaken aldeko 16-4 erakusten zuela markagailuak eta honek argi uzten duela gure nesken aurrerapen handia.
Bigarren zatia hasi eta laster ikusi zen Atarrabiakoek pilak jantzi zituztela aldagelan. Pixkanaka-pixkanaka defentsa doitzen joan ziren, berdeek eutsi eta markagailuari eusten zioten arren. Bigarren denbora honetako hamargarren minutuan, bisitarien 17 – 19 aldea txikia zen, baina berrogei minutu hauetako esfortzu handiaren ondorioz, Donibanek freskotasuna galduko zuen erasoan. Paseetako hainbat akatsek Beti Onak taldeari abantaila eman zioten. Defentsa onari eta, batez ere, indar fisiko handiagoari esker, aldea handitzen joan zen apurka-apurka partida amaierara iritsi arte (22 – 34).
Gazte Mailako lehen urtea izateko, talde hau ez da aurkarien aurrean zimurtzen.
HAURREN GARAIPEN HANDIA BM NOAINERA EGINDAKO BISITAN
BM San Juan-Donibanek goranzko joerarekin jarraitzen du eta eroso irabazi zuten larunbatean Noaingo udal kiroldegian jokatutako partida, 11- 35 emaitzarekin berdeentzat. Batez ere defentsa onean oinarritutako garaipena, etengabeko laguntzarekin eta oso adi baloia lapurtu eta kontraerasoan azkar ateratzeko. Erasoan, Noainen defentsa irekiak lagunduta, lehen lerroko barneratze onak, atea erraz ikustera eramaten zutenak. Elkarren segidako bi garaipen, euren multzoko sailkapenaren goiko aldean, eta oraindik prestatzen ari den eta etorkizunean poz handia emanen digun talde baten hobekuntza nabarmena.
HARROBIAREN EMAITZAK
- ALEBIN MISTOA 10 -BETI ONAK ATARRABIA 5
- BENJAMIN A 4 – EGUESIBAR B 12
- BENJAMIN B 11 – BM TAFALLA 5