Astearte arratsaldean Atarrabiara joan ziren berdeak Beti Onak B taldearekin neurtzera. Beti Onak B talde oso zaila da bere indar fisikoagatik eta bere emaitza bikainengatik, sailkapenaren goialdeko taldeen aurkako garaipen edo porrot estuak barne.
Donibanekoak arreta handiz atera ziren pistara, defentsa bizia eginez, laguntza asko emanez eta atearen azpian lan ona eginez. Horri eraso dinamikoak gehitu behar zaizkio, jarraikortasun handikoak eta ate aurrean asmatu zutenak. Ondorioz, gureek lehen arrakalak zabaldu zituzten markagailuan (2-4, 7. minutuan). Tarte hori lehen zatiaren erdialdera arte mantendu zen, eta 17. minutuan handitu ere egin zen (5-8). Hala izan zen arratsaldeko protagonista nagusia agertu arte: etxeko atezaina. Esku-hartze handiekin bere taldea partidan sartu zuen, gure jokalarien erasorako gaitasuna kamustuz. Horrekin guztiarekin, Beti Onak B partida berdintzera iritsi zen 28. minutuan (10-10) eta atsedenaldira ere alde txikiarekin iritsi zen (11-10).
Bigarren zatia hasi eta laster berdindu zuten gureek, baina une bateko poza baino ez zen izan, 5 minutu eskasetan etxekoek 4-0eko partziala sartu baitzieten berdeei (14-10, 7. minutuan). Donibanekoak jaurtiketa-egoera onak sortzen saiatu arren, behin eta berriz egiten zuten topo bertako atezainarekin. Taldeak defentsan tinko jarraitu zuen, eta horri esker lortu zuten aldeari eustea. 20. minutura 19-16ko kontrako emaitzarekin iritsi ziren. Baina orduan iritsi zen urrezko azken tartea. Azken 10 minutuetan gureek ilusioz, kemenez, borrokaz, kontzentrazioaz, konfiantzaz… eta eskubaloi ona erakutsiz partidua hankaz gora jarri zuten. Defentsa bizia, baloi lapurretak eta kontraeraso azkarrak. Eta eraso estatikoan, orain bai, azken muturrerainoko konbinazio erasokorren ondoren, atezaina gainditzea lortzen zuten. 3-0eko partziala bi minututan eta berdinketa elektronikoan. Eta ikusgarriena: 4 minuturen faltan aurretik jarri ere bai. Bihotzekoa emateko moduko amaieran aldea handitu zen (20-22, 27. minutuan), baina Betik gola egin zuen amaierarako minutu eta erdi falta zenean. Hala ere, gureek azken aukera ongi jokatu zuten pista osoan presioa eginez eta 21-23koa lortu zuten.
Taldekide eta zaletu guztien pozerako emaitza eta partidu lehiatu eta ikusgarria. Gureek, beste behin ere, irudi bikaina eskaini zuten eskubaloian eskarmentu handiko talde baten aurrean. Denboraldi zirraragarria benetan!
HAUR MAILAKO NESKAK | DONIBANE 33 – BM NOAIN 16
Joan den larunbatean ADSJ-DKEko kiroldegian Noainen aurka jokatutakoa partidua estua izan zen.
Lehia berdeen defentsa onarekin hasi zen, baloi lapurreta ugari eta kontraerasoan irteera azkarrak eragin zituena. Zortzigarren minutura arte Noain golik sartu gabe egon zen, Donibanek zazpi gol sartzen zituen bitartean. Hain abantaila argiarekin eroso jokatu ahal izan zuten eta aldea zabaltzen joan ziren atsedenaldira 17 – 7 iritsi arte.
Bigarren zatia parekatuagoa hasi zen, urdinek eraso ona egin baitzuten etxekoen defentsari bizkarra emanez. Akatsak zuzendu ziren eta Donibanek defentsan oldarkor eta erasoan arin jokatu zuen eskubaloi ona erakutsiz berriro. Horrek Noain atzera eginarazi zuen, markagailua iraultzeko itxaropena galaraziz. Azken zatian amore emanda aritu ziren eta amaieran 33 – 16 ikusi genuen markagailuan berdeen alde.